2016(e)ko apirilaren 20(a), asteazkena

Lehen Zibilizazioak eta ibaiak

"Zibilizazio Hidrauliko" izena erabili zuen K.A. Wittfogel historialariak ibai handien inguruan (Nilo Afrikan eta Tigris eta Eufrates Asian) sorturiko zibilizazioentzat. Behinola, Neolitikoan (Historiaurrean oraindik) giza-talde batzuek baldintza egokiak aurkitu zituzten ibai horien alboetan soilik ehizan eta fruitu eta barazkien biltzean oinarrituriko bizimodu batetik (halabeharrez nomada zena) nekazaritza eta abeltzaintzan oinarrituriko bizimodura igaroteko.
Eufrates ibaiaren ertzak aspalditik erabiltzen dira nekazaritza eta abeltzaintzarako

Edozein mundu-bola, atlas edo mapa fisiko begiratzen badugu konturatuko gara hiru ibaiek hareazko basamortu lehorrak zeharkatzen dituztela, eta beraien ertzak direla eremu horietan ezer landatu edo abereek ezer jan dezaketen leku bakarrak. Egipto "Nilo ibaiaren opari bat" zela esan zuen Kristo aurreko V. mendean bizi izan zen Herodoto historialari greziarrak. Izan ere, munduan luzeena den ibai hau historian izan den zibilizaziorik handienetako eta iraunkorretako bat sortu zeneko lurraldearen bizkarrezurra da.
Nilo ibaiaren ertz emankorra
Asian, gaur egun Irak aurkitzen den lurraldean gutxigorabehera, Tigris eta Eufrates ibaien urek bustitzen dituzten ertzak eta hauen tartean dagoen lurraldean sortu ziren Sumeriar eta Akadtar zibilizazioak, milaurteko batzuk lehenagotik ere gizatalde desberdinak zeuden lurretan. Neolitiko garaian bertan finkaturiko gizatalde edo kultura horiek "ekoizpenak" izango zituzten (uzta edo haragia, adibidez), eta noizean behin gizataldeak berak irauteko beharrezko zuena baino gehiago ekoiztuko zuten. Soberakin horiek beste kultura edo gizatalde batzuekin trukatuko zituzten, eta horiek garraiatzeko keramikazko ontziak beharrezko izango ziren, baina baita trukaketa bidezko salerosketa prozesuak gainbegiratuko zituzten pertsonak ere, elite pribilegiatu batetan bilakatuz. Ekoizpenen soberakinek ez zituzten beraiekin garraiorako ontzi egokiak eta gizataldearen maila gorenekoan zeuden gizabanakoak ekarriko soilik: soberakin horiek kudeatzeko eta beraiekin egingo ziren merkatal-ekintzak erregistratzeko "Bulla" edo zilindro itxurako sigiluak sortuko ziren, baina baita buztinezko taulatxoak ere, gainean idazkera mota zaharrena bezala kontsideratzen den idazkera kuneiformez idatzirik.
keramikazko ontzia, Kristo aurreko V. milaurtekoan
 Mesopotamian izan zen "El Obeid"kulturakoa.

Idazkera kuneiformedun buztinezko taulatxoa.


2016(e)ko apirilaren 17(a), igandea

476(I): Erromaren erorketa?

476. urtean gertaturiko Erromaren erorketaren harira egin izan diren hainbat luzemetrai, eleberri etabarretan isladatu izan da "Barbaro"en menpe erori zela azken mendeetan izan zen inperiorik boteretsuena, eta ezin liteke esan baieztapen guztiz okerra denik hori; izan ere, Odoakro, Romulo Augustulo enperadorea kargutik kendu zuena,  heruloak deituriko herri germaniar bateko buruzagia zen, eta erromatarrentzat jatorriz erromatarrak ez ziren guztiak "Barbaro"ak ziren; beraz, ezin liteke esan ikusleak, irakurleak... entretenitzeko helburu guztiz errespetagarriarekin eginiko ekoizpen horiek gezurra kontatzen digutenik. Dena dela, komenigarria da zenbait ñabardura edo xehetasun aipatzea:
Inperioaren muga edo "limes"ak zaintzen zituzten hesiteria eta dorre baten berreraikuntza.

1.) Erromatar inperioa behin-betikoz banatua zegoen 395. urtetik, Teodosio enperadorea hil ondoren inperioa bere seme Honorio (Mendebaldea) eta Arkadio (Ekialdea, hiriburua Konstantinoplan zeukalarik) artean banatu baitzen.  Beraz, Ekialdeko inperioak aurrera jarraituko zuenez, ezin da esan Odoakrok Erromatar inperioa suntsitu zuenik, ez guztiz behintzat.
2.) Erromatarrek mende bat baino gehiago zeramaten beraien mugak zaindu ezinik atzerritarrengandik, Rin, Danubio eta beste ibai handi batzuen ondoan zeuden muga edo "limes"-ak beste herri batzuen mehatxuegatik ihesean zebiltzan jendez beterik zeuden, eta batzutan hauei mugak zeharkatzen utzi eta berkokatzea beste irtenbiderik ez zuten izaten. Erromatarrek barbaroekin gatazka latzak izan bazituzten ere, gehienetan mugen zeharkatzea modu baketsuan izan zen. Urteak pasa ahala, jatorriz erromatarrak ez ziren asko eta asko inperioaren ejerzitoan soldadu sartu ziren, eta horietako zenbait kargu militar gorenetara iritsiko ziren (Romulo Augustulo enperadorearearen aita bera, Flavio Orestes, germaniar jatorrikoa zen). Beraz, ezin dezakegu esan barbaroen inbasio batek eragin zuela Mendebaldeko Inperioaren erorketa.
3.) Romulo Augustulok 14 edo 15 urte baino ez zituen Odoakrok tronutik kendu zuenean; bere benetazko izena Flavius Romulus Augustus zen, eta Flavio Orestes ejerzitoko buruzagiaren semea zen. "Augustulo" (Augusto txikia)ezizena jarri zioten, bere aitak inperioaren burutza Julio Nepoteri usurpatu zion, eta Romulo haurra jarri bere lekuan. Ekialdeko Inperioaren buru zen Zenon-ek ez zuen Romulo Augustuloren enperadoretza onartu. Odoakro berak ere, Augustulori tronua kendu ondoren, ez zuen enperadoretza bere gain hartu nahi izan, Erromatar inperioak Konstantinoplan zeukan Zenon enperadorearekin nahiko zuela uste baitzuen.
4.) Erromak, inperioari izena ematen zion hiriak 395ean utzi zion hiriburua izateari. Urte horretatik 402rarte Mediolanum (Milan) izan zen Mendebaldeko Inperioaren hiriburu, eta 402tik 476.era Ravenna.

Hori guztiagatik, ezin da zihurtasun osoz esan 476. urteak Erromatar Inperioaren bukaera ekarri zuenik, inperioaren zati batek oraindik bizirik jarraitzen baitzuen Ekialdean. Bestalde, inperioaren gainbehera aurreko mendeetatik zen abian, hurrengo sarrera batetan ikusiko dugun bezala.
"The Last Legion" ("La última legión, gaztelerazko tituluan) 2007 urteko filmaren eszena,
zeinetan Odoakrok Romulo Augustulo mehatxatzen duen.

2016(e)ko apirilaren 10(a), igandea

Hominizazio prozesua (I)

1758an, Carl Von Linné (Lineo bezala ere ezaguna dena) zientzialari eta ikertzaile suediarra animaliak talde desberdinetan biltzen zituen sailkapen bat burutzen ari zen, eta "Primate" izenez ezagutuko zen taldean honako berezitasunak zituzten ugaztun multzo bat bildu zuen:

  • Bost behatzez hornituriko esku eta oinak.
  • Oin-azpi osoarekin lurra zapalduaz zebiltzanak.
  • Alde desberdinetara begira jartzen zen eta gauzei heltzen laguntzen zien hatz lodia.
  • Atzaparrak izan beharrean azazkal leunak (espezie gehienetan).
  • Kolore desberdinak ikusmenarekin bereizteko aukera (espezie gehienetan).
  • Begizuloak hezurrez inguratu eta babestuak.
Nahiko argi gelditzen da, beraz, beste hainbat tximino espezierekin batera gizakiok ere primateen taldean sartzen garela, Lineoren sailkapenaren arabera behintzat.
Txinpantzea, adimen oso handiko primatea

Lineo (1707-1778)  

2016(e)ko apirilaren 7(a), osteguna