Eritzi desberdinak dauden arren, 1453. urtetik (Konstantinopla otomandarren esku erori zenetik eta inprenta asmatu zen urtetik) 1789. urtera hedatzen den aroa hartuko dut Aro Moderno gisa. Beste korronte batzuk 1492.an (Amerikara Kolon iritsi zen urtean, alegia) ematen diote hasera Erdi Aroaren ondorengo aro historikoari, eta 1776an bukaera (Amerikako Estatu Batuen independentziarekin), badaude eritzi gehiago ere: horietako batek Aro Modernoa oraindik bizi dugun aroari deitu ahal zaiola dio.
 |
Johannes Gutenberg-ek 1453an asmaturiko inprenta |
Historiako aro guztiekin gertatu ohi den bezala, aldaketak eremu zabal bati eragingo zion ekintza baten ondotik etorri ziren, eta Kolonen Amerikara iritsierak beste bidaia, aurkikuntza, aberastasun-iturri eta merkatu berriak irekitzeko bide eman bazien ere europako herrialde bat baino gehiagori, ia berrogei urte lehenago izandako Ekialdeko Erromatar Inperioaren erorketa ere gertakari egokia izan daiteke Erdi Aroari amaiera emateko, kontutan izanda hau Mendebaldeko zatiaren erorketarekin hasi zela kontsideratzen dugula. Gainera, otomandarren konkistak ordurarte gehiengoz kristaua zen Europara sarbide berri bat eman zion Islam-ari. Horretaz gain, otomandarren konkistak zirela eta Mendebaldeko Europara (Italiara, batez ere) ihes egin zuten hainbat eta hainbat bizantziarrek ekarritako grezierazko idazle klasikoen testuek korronte berri bat jarri zuten abian: Errenazimendua.
 |
Errenazimenduko margolanik esanguratsuenetariko bat: Leonardo Da Vinci-ren "Gioconda" edo "Mona Lisa" |
Aro hau bukatzeko frantziar iraultza mugarritzat hartzen da "Aintzinako Erregimena"ren bukaera ekarri zuelako.
Ia hiru mende eta erdiz, Europako zenbait herrialdek beste kontinente batzuetara hedatuko dituzte beraien inperioak, mundua merkataritza-zentru erraldoi bat bihurtuko delarik; zenbait agintarik beraien lurraldeetan botere absolutua lortuko dute, artea eta literatura beraien boterearen islada gisara erabiliz; zientziaren adar gehienek ikaragarrizko aurrerapenak ezagutuko dituzte; eta kristautasunak beste apurketa bat izango du. Gatazkek markatuko dute aro hau, baina baita estadu desberdinen arteko aliantzek ere, botereen arteko oreka bat aurkitu nahian.
 |
Frantziako Luis XIV, monarkia absolutuaren erakuslerik handienetarikoa. Rigaud-ek margotutako koadro batean. |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina