![]() |
Edward Gibbon |
Edward Gibbon historialari britaniarrak (1737-1794) inperioaren erorketa prozesu luze baten ondorio izan zela adierazten zuen "The History of the Decline and Fall of the Roman Empire" lanean (1776 eta 1789 artean sei liburutan argitaratutako lana, eta gaztelerara itzulia "Historia de la decadencia y caída del Imperio Romano" izenburuarekin). Gainbehera hori Kristo ondorengo 96. urtetik 192. urteraino Erroman agintari izan ziren Antoniar leinuko agintariekin hasi zela adierazten zuen, batez ere leinu horretako azken enperadore izan zen Komodo-rekin (K.o. 180-192); hau, nahiz eta Marko Aurelio haundiaren seme izan, Erromak izan zuen enperadorerik eta txarrenetarikotzat jotzen da. Gibbon-ek bere lanean horrelako agintari kaxkarrei esker erromatarrek bere inperioaren haunditasunaren arrazoi ziren ezaugarriak galdu homen zituzten: Birtutea eta Askatasuna. Birtutearen edo erromatarren ezaugarri moralen galeran kristautasunari ere errua egotzi zion XVIII. mendeko historialariak.
![]() |
Komodo enperadorea 2000. urteko "Gladiator" filmean (aktorea: Joaquin Phoenix) |
Bi mende eta erdi geroago, oraindik Gibbon-en lanak erreferentzia izaten jarraitzen du historialarientzat, eta Adrian Goldsworthy (Ingalaterra, 1969) Erromatar historian eta Historia Militarrean aditua denak ere Marko Aurelioren heriotza eta Komodo-ren boterea iristean jartzen dio abiapuntua "The fall of the West: The Death of the Roman Superpower" Mendebaldeko Inperioaren gainbehera aztertzen duen idazlanari (2009an argitaratua eta "La caída del imperio romano: el ocaso de occidente" izenburuarekin gaztelaniara itzulia). Dena dela, gaur egungo historialari honek ez du arrazoi bakar batean oinarritzen inperioaren erortzea ("erorketa" bera benetaz eman bazen ere zalantzan jartzen du, inperioaen zati batek oraindik Mediterranioaren beste muturrean iraungo zuen eta), hainbat arrazoiren baturan baizik, honako hauek:
1.) Enperadore eta agintarien gaitasunik eza eta ustelkeria: Marko Aurelio eta gero ere enperadore handiak egongo baziren ere, gainbehera gelditzen ahaleginduko zirenak (Septimio Severo-ren berrikuntzak, Klaudio Gotiko-ren barbaroen aurkako garaipenak...), beste hainbat eta hainbat izan ziren beraien onura pertsonalerako bakarrik agindu zutenak.
2.) Boterea lortzeko borrokak: krisia gogortzen zen garaietan, ejertzitoko agintariek enperadorearen kontra altxatu eta beste bat jartzen zuten bere lekuan. Beste batzuetan, boterea eskuz aldatzeko asmoarekin enperadoreak erahilak izaten ziren edo "era arraroan" hiltzen ziren (adibidez, 253. urtean Emiliano 88 egunez bakarrik izan zen enperadore, bere soldaduek erahil aurretik).
3.) Inperioaren hedadura: Kristo ondorengo IV. mendearen haseran inperioa gaur egungo Portugaletik Iran-eraino hedatzen zen, eta Afrika iparraldea eta gaur egungo Ingalaterra ere beraien esku zeuden. Inperioko "Limes" edo mugak hormaz, dorrez eta gudariz zainduta bazeuden ere, ezinbestekoa zen leku konkretu batzutan muga horiek iragazkorragoak izatea (batez ere Elba, Danubio... bezalako ibai handien inguruetan); bestalde, garai hartan hilabete asko eta asko beharko ziren inperioaren punta batetik bestera mugitzeko, eta nahiz eta erromatar armada leku estrategikoetan sakabanaturik zegoen, errefortzuak edo laguntza behar izatekotan hau berandu iritsi zitekeen.
4.) Burokraziaren handitzea: hedadura horretako inperioak derrigorrez behar zuen sistema burokratiko handi bat. Hau, beti eraginkorra ez izateaz gain,oso garestia zen. Horrelako aparatu burokratiko bat eta ejerzito bat mantentzeko zergak askotan areagotu behar izaten ziren, herritarren haserrea piztuz.
5.) "Barbaroak" edo atzerritarrak: hauek askotan erromatarrekin modu baketsuan harremandu baziren ere, ejertzitoko edo senatuko postu altuetara iritsiaz, izan ziren gatazka odoltsuak ere, Bisigodoen edo Hunoen aurkakoak, adibidez.
6.) Gainbehera prozesua beraren geldotasuna, horregatik hau askosaz eramangarriagoa izan zen, baina aldi berean ez ziren garaian hartu beharreko neurriak hartu. Gainera, enperadore eta boteredunen utzikeriak eta ustelkeriak askotan epe luzera izaen zituzten ondorioak, horregatik asko gainbeheraz ohartu ere ez ziren egin beranduegi izan zen arte.
Goiko mapan Erromatar inperioa K.o. 180. urtean ikusi dezakegu; behean, aldiz, 476. urtean inperioa murriztuta eta bi zatitan banatuta ikusi dezakegu (iturria: Geacron) |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina