2016(e)ko apirilaren 20(a), asteazkena

Lehen Zibilizazioak eta ibaiak

"Zibilizazio Hidrauliko" izena erabili zuen K.A. Wittfogel historialariak ibai handien inguruan (Nilo Afrikan eta Tigris eta Eufrates Asian) sorturiko zibilizazioentzat. Behinola, Neolitikoan (Historiaurrean oraindik) giza-talde batzuek baldintza egokiak aurkitu zituzten ibai horien alboetan soilik ehizan eta fruitu eta barazkien biltzean oinarrituriko bizimodu batetik (halabeharrez nomada zena) nekazaritza eta abeltzaintzan oinarrituriko bizimodura igaroteko.
Eufrates ibaiaren ertzak aspalditik erabiltzen dira nekazaritza eta abeltzaintzarako

Edozein mundu-bola, atlas edo mapa fisiko begiratzen badugu konturatuko gara hiru ibaiek hareazko basamortu lehorrak zeharkatzen dituztela, eta beraien ertzak direla eremu horietan ezer landatu edo abereek ezer jan dezaketen leku bakarrak. Egipto "Nilo ibaiaren opari bat" zela esan zuen Kristo aurreko V. mendean bizi izan zen Herodoto historialari greziarrak. Izan ere, munduan luzeena den ibai hau historian izan den zibilizaziorik handienetako eta iraunkorretako bat sortu zeneko lurraldearen bizkarrezurra da.
Nilo ibaiaren ertz emankorra
Asian, gaur egun Irak aurkitzen den lurraldean gutxigorabehera, Tigris eta Eufrates ibaien urek bustitzen dituzten ertzak eta hauen tartean dagoen lurraldean sortu ziren Sumeriar eta Akadtar zibilizazioak, milaurteko batzuk lehenagotik ere gizatalde desberdinak zeuden lurretan. Neolitiko garaian bertan finkaturiko gizatalde edo kultura horiek "ekoizpenak" izango zituzten (uzta edo haragia, adibidez), eta noizean behin gizataldeak berak irauteko beharrezko zuena baino gehiago ekoiztuko zuten. Soberakin horiek beste kultura edo gizatalde batzuekin trukatuko zituzten, eta horiek garraiatzeko keramikazko ontziak beharrezko izango ziren, baina baita trukaketa bidezko salerosketa prozesuak gainbegiratuko zituzten pertsonak ere, elite pribilegiatu batetan bilakatuz. Ekoizpenen soberakinek ez zituzten beraiekin garraiorako ontzi egokiak eta gizataldearen maila gorenekoan zeuden gizabanakoak ekarriko soilik: soberakin horiek kudeatzeko eta beraiekin egingo ziren merkatal-ekintzak erregistratzeko "Bulla" edo zilindro itxurako sigiluak sortuko ziren, baina baita buztinezko taulatxoak ere, gainean idazkera mota zaharrena bezala kontsideratzen den idazkera kuneiformez idatzirik.
keramikazko ontzia, Kristo aurreko V. milaurtekoan
 Mesopotamian izan zen "El Obeid"kulturakoa.

Idazkera kuneiformedun buztinezko taulatxoa.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina