2016(e)ko abuztuaren 28(a), igandea

Frantziako Luis XIV., botere absolutuaren adibide.

Botere edo monarkia absolutua mendebaldeko Europan Erdi Aroaren amaiera eta Aro Modernoaren hasiera bitartean garatutako aginte mota bat da. Era honetako monarkietan agintariak (erregeak) botere guztiak (exekutiboa edo estatua kudeatzeko boterea; legegilea eta judiziala) bere eskuetan ditu. Aurretik ere botere osoa bere eskuetan zuten monarkia autoritarioak baziren arren, aipaturiko garai historiko horretan erregeek beraien boterea "eskubide jainkotiar" bezala identifikatu zuten, hau da: Erregeak boterea jainkoarengandik jasotzen zuen, ez herriarengandik; beraz, erregea da jainkoaren ordezkari bakarra eta ez dago herritarrik bere erabakiak eztabaidatu ditzakeenik.

Frantziako Luis XIV.a (Louis Dieudonné edo "Jainkoak oparitutako Luis", 1638-1715) 72 urtetan zehar Europako herrialderik jendetsuena eta aberatsena zen Frantziako errege izan zen. Izan ere, bost urte eskas zituela bere aita hil zen, Luis XIII. erregea, eta orduan bera bihurtu zen errege, bere haurtzaroko urteetan agintea bere ama, Ana Austriakoa, eta batez ere Giulio Mazarin kardinalaren eskuetan izan bazen ere.
Hyacinthe Rigaud margolari frantsesak margoturiko Luis XIV.ren erretratua (1701), Louvre-ko mseoan ikusgai.

Mazarin kardinala hiltzerako (1661) Luis XIV. bere amaren erregeordetzarik gabe errege zen jada, eta Frantziako erregeak orduan erabaki zuen handik aurrera bera izango zela agintari bakarra, eta Colbert, Le Tellier... bezalako laguntzaile edo sailburuak izango zituen arren, hauetariko inori ez zion utziko besteen gainetik nabarmentzen, aurreko agintariekin Mazarin edo Richelieu kardinalek egin zuten bezala.
Luis XIV. oso izaera bereziko pertsonaia izan zen, "Eguzki Erregea" bezala ere ezagutzen zuten, goizean jaikitzen zenetik gauez oheratzen zen unerarte eguzkiaren irteera eta sarrerarekin erlazionaturiko hainbat eta hainbat erritual antzezten baitzituen, erritual eta antzezpen horietara bere gorteko zenbait "pribilejiatuk" nahitaez parte hartu behar zuten, eta erregeak beti izaten zuen protagonismo berezia. Frantziarren gainean bakarrik ez, Europa Mendebaldeko beste agintarien gainetik ere ikusten zuen bere burua, eta horretarako nahitaezkoa zuen garaiko estatuen arteko oreka desegitea eta bere nagusitasuna erakustea, eta hori lortzeko  garaiko ejertzitorik kopurutsuena, prestatuena eta ondoen armatuena beharko zuenez, nahitaezkoa izango zuen ejertzito hori sortzeko eta mantentzeko estatuak zituen baliabide guztiak erabili beharko zituen, momentu jakinetan zergak igoz, eta horrelako erabakiak hartzeko beharrezkoa zen botere osoa bere eskuetan izatea.
Honako alderdi hauei esker lortu zuen Frantziako erregeak bere boterea bermatzea:
1.) Administrazio zentralizatua eta eraginkorra: aurreko agintariek izan zuten "Lehen Ministroa"ren figura desagertu egin zen, erregeak bere laguntzaileak izaten jarraitzen zuen (Colbert finantzen arduradun, Le Tellier ejertzitoaren arduradun...), hauek duela gutxi erregeak mailaz igoarazitakoak ziren, eta beraien fideltasuna erregeri zor zioten. Horretaz gain, burokrazia arrazionalizatu egin zuen, instituzio guztiak bere eskuetan utziz.
2.) Ogasun edo Haziendaren berrantolakuntza: herritarrak zerga berriekin itotzea baino hobe zela ikusi zuen bitartekariak kentzea zergak biltzeko orduan, produktu jakinei zergak jartzea (gatzari, adibidez) eta industria bezalako sektoreetan inbertitzea ( Colbert ezinbesteko pertsonaia izan zen berrikuntza hauetan).
3.) Ejertzitoaren sendotzea: aurreko bi berrikuntzek Luis XIV.ari ejertzitoa handitzeko eta indartzeko baliabideak eskeini zizkioten, horrekin bere boterea handitzen zuen, bai bere herritarren aurrean baita Europako beste agintarien aurrean ere.
4.) Batasun erlijiosoa: aurreko mendean Frantziak hainbat guda eta gatazka ezagutu zituen katoliko eta protestanteen artean, 1598ko "Nantesko Ediktuak" askatasun erlijiosoa bermatzen zuen arren, Luis XIV.aren eritziz askatasun horrek herritarrak sakabanatu eta estatua ahultzen zituen. 1685ko "Fointeneblauko Ediktua"ren bidez katolikoak ez ziren beste adierazpen erlijioso guztiak debekatzen ziren.
5.) Erregearen goraipatzea: Luis XIV. Versailles-eko jauregi berri eta ikusgarrira joan zen bere gortearekin, han ezarriaz bere egoitza. Bere ingurura bildu zituen garaiko Frantziako artista eta kultura munduko pertsonaia esanguratsuenetarikoak (Molliere, Lully, Rigaud...). Horretaz gain, aurrerago aipaturiko erritual eta antzezpenen bitartez bere ingurukoak erregea izaki zerutiar bat bezala tratatzera behartzen zituen, askotan bere burua aintzinaroko heroi klasikoekin identifikatzen zuelarik.
Versailles´ko jauregia, Mansart, Le Vau  eta Le Brun bezalako arkitektu eta disenatzaileen lana, eta gortearen egoitza Luis XIV.ren garaitik.


2016(e)ko abuztuaren 4(a), osteguna

476 (II) Gainbehera luze baten amaiera

Aurreko mezu batean 476. urtean Odoakrok Mendebaldeko Erromatar Inperioarekin bukatu ote zuen zalantzatan jartzen zen. Inperio baten bukaera ala ez, honakoarekin Mendebaldeko Inperioko azken enperadore izan zen Romulo Augustuloren kargutik kentzea aurreko mendeetatik abian zen prozesu baten bukaera baino ez zela izan azaldu nahi da.
Edward Gibbon

Edward Gibbon historialari britaniarrak (1737-1794) inperioaren erorketa prozesu luze baten ondorio izan zela adierazten zuen "The History of the Decline and Fall of the Roman Empire" lanean (1776 eta 1789 artean sei liburutan argitaratutako lana, eta gaztelerara itzulia "Historia de la decadencia y caída del Imperio Romano" izenburuarekin). Gainbehera hori Kristo ondorengo 96. urtetik 192. urteraino Erroman agintari izan ziren Antoniar leinuko agintariekin hasi zela adierazten zuen, batez ere leinu horretako azken enperadore izan zen Komodo-rekin (K.o. 180-192); hau, nahiz eta Marko Aurelio haundiaren seme izan, Erromak izan zuen enperadorerik eta txarrenetarikotzat jotzen da. Gibbon-ek bere lanean horrelako agintari kaxkarrei esker erromatarrek bere inperioaren haunditasunaren arrazoi ziren ezaugarriak galdu homen zituzten: Birtutea eta  Askatasuna. Birtutearen edo erromatarren ezaugarri moralen galeran kristautasunari ere errua egotzi zion XVIII. mendeko historialariak.
Komodo enperadorea 2000. urteko "Gladiator" filmean (aktorea: Joaquin Phoenix)

Bi mende eta erdi geroago, oraindik Gibbon-en lanak erreferentzia izaten jarraitzen du historialarientzat, eta Adrian Goldsworthy (Ingalaterra, 1969) Erromatar historian eta Historia Militarrean aditua denak ere Marko Aurelioren heriotza eta Komodo-ren boterea iristean jartzen dio abiapuntua "The fall of the West: The Death of the Roman Superpower" Mendebaldeko Inperioaren gainbehera aztertzen duen idazlanari (2009an argitaratua eta "La caída del imperio romano: el ocaso de occidente" izenburuarekin gaztelaniara itzulia). Dena dela, gaur egungo historialari honek ez du arrazoi bakar batean oinarritzen inperioaren erortzea ("erorketa" bera benetaz eman bazen ere zalantzan jartzen du, inperioaen zati batek oraindik Mediterranioaren beste muturrean iraungo zuen eta), hainbat arrazoiren baturan baizik, honako hauek:
1.) Enperadore eta agintarien gaitasunik eza eta ustelkeria: Marko Aurelio eta gero ere enperadore handiak egongo baziren ere, gainbehera gelditzen ahaleginduko zirenak (Septimio Severo-ren berrikuntzak, Klaudio Gotiko-ren barbaroen aurkako garaipenak...), beste hainbat eta hainbat izan ziren beraien onura pertsonalerako bakarrik agindu zutenak.
2.) Boterea lortzeko borrokak: krisia gogortzen zen garaietan, ejertzitoko agintariek enperadorearen kontra altxatu eta beste bat jartzen zuten bere lekuan. Beste batzuetan, boterea eskuz aldatzeko asmoarekin enperadoreak erahilak izaten ziren edo "era arraroan" hiltzen ziren (adibidez, 253. urtean Emiliano 88 egunez bakarrik izan zen enperadore, bere soldaduek erahil aurretik).
3.) Inperioaren hedadura: Kristo ondorengo IV. mendearen haseran inperioa gaur egungo Portugaletik Iran-eraino hedatzen zen, eta Afrika iparraldea eta gaur egungo Ingalaterra ere beraien esku zeuden. Inperioko "Limes" edo mugak hormaz, dorrez eta gudariz zainduta bazeuden ere, ezinbestekoa zen leku konkretu batzutan muga horiek iragazkorragoak izatea (batez ere Elba, Danubio... bezalako ibai handien inguruetan); bestalde, garai hartan hilabete asko eta asko beharko ziren inperioaren punta batetik bestera mugitzeko, eta nahiz eta erromatar armada leku estrategikoetan sakabanaturik zegoen, errefortzuak edo laguntza behar izatekotan hau berandu iritsi zitekeen.
4.) Burokraziaren handitzea:  hedadura horretako inperioak derrigorrez behar zuen sistema burokratiko handi bat. Hau, beti eraginkorra ez izateaz gain,oso garestia zen. Horrelako aparatu burokratiko bat eta ejerzito bat mantentzeko zergak askotan areagotu behar izaten ziren, herritarren haserrea piztuz.
5.) "Barbaroak" edo atzerritarrak: hauek askotan erromatarrekin modu baketsuan harremandu baziren ere, ejertzitoko edo senatuko postu altuetara iritsiaz, izan ziren gatazka odoltsuak ere, Bisigodoen edo Hunoen aurkakoak, adibidez.
6.) Gainbehera prozesua beraren geldotasuna, horregatik hau askosaz eramangarriagoa izan zen, baina aldi berean ez ziren garaian hartu beharreko neurriak hartu. Gainera, enperadore eta boteredunen utzikeriak eta ustelkeriak askotan epe luzera izaen zituzten ondorioak, horregatik asko gainbeheraz ohartu ere ez ziren egin beranduegi izan zen arte.


Goiko mapan Erromatar inperioa K.o. 180. urtean ikusi dezakegu; behean, aldiz, 476. urtean inperioa murriztuta eta bi zatitan banatuta ikusi dezakegu (iturria: Geacron)