2016(e)ko uztailaren 17(a), igandea

Iruñeako Erresuma (I): Enekoitztarrak

Iruñeako Erresumaren sustraiak Kristo aurreko I. mendean Cnaeus Pompeius Magnus erromatar jeneralak Arga ibaiaren hegalean zegoen muino batean sorturiko Pompaelo hiriraino sakontzen dira. Garai hartan muinoa toki estrategikoa zen Galiara (gaur egungo Frantzia) zihoan  bidea kontrolatzeko.
711. urtean musulmandarrak  Iberiar Penintsulara sartu ziren, eta handik urte gutxira Ebro ibaiaren ibarreraino iritsiak ziren. Penintsularen gehiengoa musulmandarren menpean bazegoen ere, penintsularen iparralde osoa okupatzen duten mendikateek bertako biztanleei babes bikaina eskeini zien bertako biztanleei (Galiziarrei, Asturiarrei, Karistiarrei... eta baita gaur egun Nafarroa bezala ezagutzen dugun lurraldean bizi ziren Baskoiei ere). Islam-ari aurka eginez penintsulan sortu zen lehen erresuma kristaua Asturiasen sortu zen (718. urtean), eta geroago beste hainbat erreinu, konderri, etabar sortuko ziren.

Baskoien lurretan, dena dela, musulmandarrena ez zen mehatxu bakarra (hauek nahiko modu baketsuan ezarri ziren Ebro ibaiaren inguruan, gainera), iparraldetik Frankoen erresuma zegoen, Karlomagno, geroago enperadore izendatuko zutena, buru zutela. Karlomagnoren gudalostea izan zen, hain zuzen, 778. urtean Orreagako gatazkan Baskoiek suntsitu zutena.
Errolan, Karlomagnoren ejertzitoko buruzagia eta Bretoien kondea, Orreagako gaztazkaren ostean hilzorian. Behean, gatazkaren oroitarria, Orreagan bertan.


Ebro ibaiaren bazterrean bazen  familia boteretsu bat, "Casius" deituriko konde bat buru zutelarik (batzuk diote Baskoia zela, beste batzuek Godo jatorrikoa); honek, bere boterea ez galtzearen aldera, musulmandarren zerbitzari izatera pasatu zen, "Banu Qasi"-tarrak bezala ezagutuko ziren hortik aurrera. Antza denez, hegoaldeko Baskoi asko bihurtu ziren islam-era VIII. eta IX. mendeetan.
Iparraldean zegoen Baskoniako Dukerria, Frankoen aurreko dinastiaren garaian sortua (Merovingiar dinastiarekin), Karlomagnorekin autonomia galduz joan zen, eta beharrezko ikusten zen aginte sistema berri bat, Baskoiak erakunde politiko berri batean elkartuko zituena. Entitate berri hori ez zuten begi txarrez ikusiko ez Frankoek, ezta musulmandarrek ere, batzuk zein besteen arteko "balazta" gisa egingo zuela uste baitzuten erreinu berriak. Eneko Enekoitz  Ximenatarren leinuko semea zela diote batzuk (bere aitaren jatorria guztiz argi ez badago ere), baina bere amaren aldetik Banu Qasitarrekin ahaidetuta ere bazegoen, guduetan nabarmendu zen, eta bere familiaren eraginez, "Iruñeako Erresuma" bezala ezagutuko den erreinu berriko lehen buruzagi bihurtuko zen.
Eneko Enekoitzen agindupeko lurraldeak, http://www.nabarralde.com/ orrialdetik hartutako irudia.

Eneko Enekoitz: Enneco Enneconis, Eneko Aritza, Iñigo Iñiguez eta Iñigo Arista bezala ere ezaguna, 824tik 851ra Iruñeako lehenengo errege izan zen. Erregetza lortu aurretik Velascotarren familia boteretsuaren aurka egin behar izan zuen, hauek Frankoen aldekoak ziren eta, baina azkenean hauen alaba batekin ezkondu zen. Eneko habila izan zen itunak lortzen ere: bere alaba bat Banu Qasitarrekin ahaidetuta zegoen eta Tutera eta Huescako agintari zen Muza ibn Muza ibn Fortun- ekin ezkondu zuen (Enekoren osaba zen hau), eta beste alaba bat Gartzea "Gaiztoa"rekin, Aragoiko kondearekin; horrela bere aginduperako lurralde zabalak lortu zituen. 841. urtean gaixotasun batek ezinduta utzi zuen, eta bere seme Gartzea Enekoitzek hartu zuen erregeordetza handik hamar urtera Eneko hil zen arte.

Gartzea Enekoitz: gazteleraz García Iñiguez eta latinez Garsea Enneconis bezala ezaguna, 841etik 851ra erregeorde izan zen, bere aita Eneko Enekoitz ezinduta baitzegoen. Txikitan Kordobako "Emir" edo agintariaren gortean ikasi bazuen ere (batzuk diote hauen gatibu izan zela), erregeordetza aldian behin eta berriro borrokatu zen Abd ar-Rahman II.-aren aurka, Karlomagnoren oinordekoekin itunak zinatzen zituen bitartean. 851. urtean erregetza lortu zuen, eta Kordobako Emir berria zen Muhammad I.-rekin adiskidetu zen, baina geroago Asturiasko Ordoño I. erregearekin ituna sinatuko zuen, Banu Qasitarren haserrea piztuz, eta handik aurrera musulmandarrekin hainbat gatazka izango zituen. Ez dakigu zihur noiz eta nola hil zen, batzuk diote 870. urtean hil zela, beste iturri batzuek, ordea, 882. urtean 84 urterekin borrokatzen ari zela hil zela diote.

Orti I. Gartzez: gazteleraz Fortún Garcés bezala ezaguna, Gartzea Enekoitzen seme eta oinordekoa zen, eta hau hil zenean eskuratu zuen agintea. Bere agintealdiari buruz idatzi gutxi aurkitu izan dira. Bere aitak Banu Qasitarrekin izan zituen gatazkak ahaztu eta hauekin adiskidetu zenean, Asturiasko erregeak estatu-kolpe bat prestatu eta Antso Gartzez jarri zuten errege 905. urtean bere ordez. Orti Gartzez  Leireko monastegira erretiratu zen eta han hil zen, berarekin Enekoitztarren leinua bukatu zelarik.

Iruñeako Erresuma X. mendearen hasieran.




2016(e)ko uztailaren 12(a), asteartea

Bisita gidatuak Arrola, Ereño, Foru eta Tribisburura

Azken urteotan legez, Arrolako Kastro edo "Oppidum"a, Ereñozarko gazteluaren aztarnak eta Foruako herri erromatarra bisitatzeko aukera ematen du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horietaz gain, Solluben dagoen Tribisburuko nekropolia bisitatzeko aukera ere izango da.
Informazio gehiago hemen: http://bizkaikoa.bizkaia.eus/entrada.asp?idioma=EU


2016(e)ko uztailaren 6(a), asteazkena

Gizarte estamentala

Oratore, Bellatore eta Laboratore bat.

Erdi Aroko "Hirutariko" gizartetik abiatuta (Bellatore edo gerlariak,  Oratore edo apaiz eta erlijiosoak eta Laboratore edo nekazari eta langileak), Aro Modernoko gizarteak estamentuetan antolatua jarraitu zuen, batez ere XV, XVI eta XVII mendeetan. Estamentuetan antolaturiko gizarte baten ezaugarriak honako hauek izango lirateke:

  • Gizartea oso jerarkizatua dago: boteretsuen eta  hauek zerbitzatzera behartuta daudenen arteko banaketa oso sakona da.
  • Gizabanako bakoitzari egokitzen zitzaion maila bizimodu eta estatutu juridiko desberdindun talde bateko edo besteko kide izatetik zetorren (adibidez: noblezia).
  • Kidetasun hori ez zen aukerakoa, ezta geroago, Industrializazioaren garaian izango zen bezala, aberastasunen araberakoa ere. Jaiotzetik erabakitzen zen bakoitzari gizartean zegokion posizioa edo maila (familiaren posizioaren arabera, sexuaren arabera, oinordekotzaren arabera...).
  • Estamentu edo maila horien arteko mugak oso trinkoak ziren, baina noizean behin norbaitek lortzen zuen goragoko mailaren batera igotzea (militar gisa egindako merituei esker, batez ere).
Gizarte estamentalaren piramidea.


Aro Modernoaren haseran Europako gizartearen %90 inguru nekazari, burges (oraindik geroago izango zuten botererik gabe), artisau, gaizkile eta marjinatuek osatzen zuten (gizateriaren piramidearen oinarria), eskubide oso gutxi eta pribilejiorik gabeko taldea ziren, askotan boteretsuek beraiengan eginiko gehiegikeriengatik inork babesten ez zituztenak. Piramidearen erdiko mailetan bigarren mailako noblezia eta eleiza edo kleroa egongo ziren, baina eleizako pertsonaiako esanguratsuenak (Aita Santua, kardenalak, apezpikuak...) askotan nobleziako kide asko baino gorago kokatuko ziren eta batzutan piramidearen goiko tontorrean zeuden errege edo estatuburuekin gatazkan arituko ziren batak besteari botereak kendu nahi zizkietela eta.

2016(e)ko uztailaren 4(a), astelehena

Historia-Atlas interaktiboa sarean: GeaCron

 GeaCron hizkuntza ezberdinetan ikus daitekeen atlas bat da (euskeraz ez, tamalez). Bertan nahikoa da urte bat jartzea, edo gezi desberdinekin (urteak, hamarkadak edo mendeak adierazten dituztenak) historian atzera eta aurrera mugitzea herrialde, zibilizazio edo inperio desberdinek historian zehar izan dituzten mugak ikusteko.
Esteka hemen:
http://geacron.com/home-es/?lang=es

2016(e)ko uztailaren 2(a), larunbata

Sumertarrak: Lehenengo zibilizazioa.

Aintzinaroan, Tigris eta Eufrates ibaien tartean aurkitzen den Mesopotamia deituriko lurraldean sortu zen lehenengo zibilizazioa Sumertarrena izan zen, askok historiako zibilizaziorik zaharrenenkotzat hartzen du hau.
Gaur egun Irak bezala ezagutzen dugun herrialdearen Hego-Ekialdean aurkitu izan dira Sumertarren aztarnak.


Sumertarren jatorria ez dago batere argi. Historialari batzuek (Max Mallowan arkeologo ingelesak, besteak beste) zibilizazio honen jatorria autoktonotzat edo bertakotzat daukate, Kristo aurreko 6.000 urtea baino lehenagokoak diren eta geroago Sumertarrek erabiliko zituzten elementuak aurkitu dituzte bertan eta (harrizko edalontzi eta figura txikiak eta margotutako hormak). Beste batzuek, ordea, Sumertarrak kanpotik etorri zirela baieztatzen dute Kristo aurreko 5.000 eta 4.000 urteen artean, zeren eta Sumertarren hizkuntzak aimtzinaroan Indiako Hegoaldean hitzegiten ziren zenbait hizkuntzekin antzekotasunak dituzte eta. Samuel Noah Kramer historialaria izan zen teoria honen defendatzaileetariko bat. Dena dela, atzerritar jatorriaren teoriak ez ditu hainbeste jarraitzaile.



Frankfurt-eko Liebighaus-en ikusi daitekeen sumertar jatorriko figura, zeinetan gizon bat otoitzean agertzen den.



Sumertarrek sekula ez zuten herrialde bateratu bat osatu, kultura, erlijio eta hizkuntza bat amankomunean zeuzkaten hiri desberdinetan banatzen ziren, baina hiri bateko agintariek ez zuten beste hirietako biztanleengan botererik, hiri bakoitza "estatu" bihurtzen zen (askotan gatazkak sortuko ziren hiri desberdinen artean, seguruenik). Kish, UrukLagash eta Ur izan ziren zibilizazio honen hiri nagusiak, eta K.a. 2.800 urte ingurutik hasita 2.334 urterarte, Akadtarren menpe geratu ziren arte (erabiliena den kronologiaren arabera) momentu desberdinetan hiri bat edo beste gailendu zen besteen gainetik, hiri bakoitzean agintarien dinastiak sortuz. Nippur hiria izan zeneko aztarnetan aurkitu ziren buztinezko taulatxoetan, idazkera kuneiformez idatzirik (munduko idazkerarik zaharrena, Sumertarren asmakizuntzat jotzen dena) Hiri-estatu desberdinetako erregeen zerrenda aurkitu zen.
Sumertarrek jatorri ezezaguneko hizkuntza bat hitzegiten zuten (beraiek "eme-gir" bezala ezagutzen zutena), eta beraien lurraldeari "ki-en-gir" deitu zioten, Sumertar hizkuntzadun herrialdea, alegia. Mesopotamiako lautadaren hegoaldean kokatzen ziren beraien hirigune nagusiak, Tigris eta Eufrates ibai handien ondoko lur emankorretan altxatzen ziren hiri hauek, Pertsiar golkoa Anatoliar penintsula, gaur egun Siria bezala ezagutzen den lurraldea eta Mediterraniar itsasoarekin lotzen zuten bideen ondoan. Bide horietatik Indiatik ekarritako marfila eta espeziak eta Mediterraneo aldeko zereale eta aleak erruz mugituko ziren.
Hirietan egiten ziren salerosketek berebiziko garrantzia izango zuten, seguruenik, idazkeraren sorreran. Nolabait errejistratu eta gorde egin beharko ziren merkatariek egiten zituzten eragiketak (produktuen trukaketan oinarritzen zirenak). Historiaurrean dagoeneko geroago lehenengo zibilizazioa sortuko zen lurraldean zeuden kulturek asmatu zituzten eragiketa horiek errejistratzeko erak, "Bulla" edo "Zigilu Zilindrikoak", adibidez. Baina benetako iraultza Sumertarrek ekarriko zuten, beraien idazkera "kuneiformearekin". Kuneiforme deituriko idazkera K.a. 3200 urte inguruan azalduriko idazkera piktografikoan oinarrituko zen. 

Goiko taulan, ilarak ezkerretik eskuinera irakurrita, Mesopotamiako idazkerak piktogrametatik hasita K.a. 500 urte inguruko Babiloniarrek erabiltzen zuten idazkera kuneiforme sinplifikatura artean izan zen bilakaera isladatzen da.

Sumertar zibilizazioa historian zehar noiztik luzatzen den asmatzea ez da erraza: Mesopotamiako haranean historiaurretik hainbat giza-talde edo kultura zeuden ezarrita, besteak beste: Hassuna-Samarra (K.a. 5800-5000), Halaf (K.a. 5500-4500), El Obeid (K.a.5000-3750), Uruk (K.a. 3750-3150) edo Jemdet-Nasr (3150-2900). Arazoa Sumertar zibilizazioa kultura horietatik eratorria izan bazen ala atzerritik etorritako jendearen eskutik sortua izan zen erabakitzeko orduan sortzen da; Sumertar zibilizazioa sortuko zuten jende-taldeak atzerritik etorri izan balira, hauek El Obeid kulturarekin batera kokatuko ziren Mesopotamiako hegoaldean: Zibilizazioa sortuko zuten jende-taldeak aurreragotik bertan egon izan balira, beste milaurteko pare bat gutxienez historian atzeratu beharko genuke herri honen jatorriarekin aurkitzeko. Historialari gehientsuenak bat datoz Kristo aurreko laugarren milaurtekoan Mesopotamiar haranaren hegoaldean gailendu zen jende-taldea Sumertar bezala hartzeko orduan, baina hauek "zibilizazio" bat K.a. 2900 urte ingururarte ez zuten sortuko. Urte horretan hasten dira, gutxi gora-behera, Sumertar kulturako hiri desberdinetan jendea gizarte-era konplexuetan antolatzen, jauregi batean bizi ziren errege edo agintari batzuen menpe antolatutako hirietan. Buruzagiari hiri batzuetan "Ensi" deitu izan zitzaion, beste batzuetan "Lugal" edo "Gizon Handia", "En" hitza erabili izan zen zenbait hiritan erregea izendatzeko, eta "Nin" bera emaztea. Hiri guztiek zeukaten "Zigurat" deituriko tenplu bat, eskailera-itxurako piramide baten forma zeukana, eta bertan "Sanga" bezala ezagutzen ziren apaizak bizi ziren. Tenplu guztiak ez ziren, dena dela, itxura honetakoak, agintari eta funtzionarioen semeek irakurtzen eta zenbatzen ikasten zuten tenplu hauetan. 
Ur hiriko Zigurat-aren irudia


Kristo aurreko 2340 urte inguruan, Mesopotamiako iparraldean bizi ziren Akadtarren errege zen Sargon-ek Kish hiri Sumertarra inbaditu zuen, eta gainontzeko hiriak Akadtarren menpe laister geratu ziren (errege batek lorturiko lehen inperiotzat hartzen da Sargonena). Akadtarrak jatorri semitadun herria ziren (Gaurko Arabiako iparraldean jatorria daukaten etnia eta hizkuntza), eta ordurarte Sumertarrekin modu baketsuan bizi izan zirena. K.a. 2150 urte inguruan Lagash hiriko Gudea erregea gailenduko zen aurreko bi mendeetan Akadtarren menpe egon ziren hegoaldeko hirietan. Errege hau Sumertarra zenez, "Sumertar berpizkundea" deitu izan zaio. K.a. 2000 urte inguruan Kanaan-en (Mediterraneoaren ekialdeko itsasertzeko lurraldea, gaur egungo Israel, Zisjordania, Gaza eta Libanoko lurrak hartzen dituena) jatorria zeukaten Amorriten esku gelditu zen Sumer.

Sumertarrei buruz zenbait bitxikeri:

  • Hiri desbertinetako erregeek beraien oinordekoei uzten zieten kargua, dinastiak sortuz. Horrela, guregana iritsi den lehenego Sumertar erregearen izena Kish hiriko lehenengo dinastiako Mebaragesi erregearena izan da, Kristo aurreko 2700 urte inguruan bizi izan zena. Baina badirudi honen aurretik 21 errege izan zirela hiri honetan. Uruk hirian ere dinastia bat eman zen, eta bertako bostgarren erregea izan omen zen Gilgamesh, askok pertsonaia mitologikotzat jotzen duena.
  • 1941ean Tell Abu Salabikh-en aurkitu ziren dokumentu idatziak orain arte aurkitu izan diren idatzirik zaharrenak dira. Kristo aurreko hirugarren milaurtekoak.
  • Tenplua eta erregearen jauregiaren funtzioen arteko desberdintasuna ez dago argi, erregea buruzagi zibila, militarra eta erlijiosoa ere bazen eta.
  • Astrologia, matematika eta geometrian oso herri aurreratua ziren.
  • Jainko asko zituzten, hauen artean lehenengotzat "An" (zerua) eta "Ki" (lurra) jotzen zituzten.
  • Akadiar hizkuntzan idatziriko "Gilgamesh-en epopeia" Uruk hiriko erregean oinarritzen da, baina idatzizko poeman hau erdijainko bat da.
Gilgamesh-en harrizko irudia

Benetaz honelakoa izan ote zen Uruk hiria Sumertarren garaian?