![]() |
Gaur egun Irak bezala ezagutzen dugun herrialdearen Hego-Ekialdean aurkitu izan dira Sumertarren aztarnak. |
Frankfurt-eko Liebighaus-en ikusi daitekeen sumertar jatorriko figura, zeinetan gizon bat otoitzean agertzen den.
|
Sumertarrek sekula ez zuten herrialde bateratu bat osatu, kultura, erlijio eta hizkuntza bat amankomunean zeuzkaten hiri desberdinetan banatzen ziren, baina hiri bateko agintariek ez zuten beste hirietako biztanleengan botererik, hiri bakoitza "estatu" bihurtzen zen (askotan gatazkak sortuko ziren hiri desberdinen artean, seguruenik). Kish, Uruk, Lagash eta Ur izan ziren zibilizazio honen hiri nagusiak, eta K.a. 2.800 urte ingurutik hasita 2.334 urterarte, Akadtarren menpe geratu ziren arte (erabiliena den kronologiaren arabera) momentu desberdinetan hiri bat edo beste gailendu zen besteen gainetik, hiri bakoitzean agintarien dinastiak sortuz. Nippur hiria izan zeneko aztarnetan aurkitu ziren buztinezko taulatxoetan, idazkera kuneiformez idatzirik (munduko idazkerarik zaharrena, Sumertarren asmakizuntzat jotzen dena) Hiri-estatu desberdinetako erregeen zerrenda aurkitu zen.
Sumertarrek jatorri ezezaguneko hizkuntza bat hitzegiten zuten (beraiek "eme-gir" bezala ezagutzen zutena), eta beraien lurraldeari "ki-en-gir" deitu zioten, Sumertar hizkuntzadun herrialdea, alegia. Mesopotamiako lautadaren hegoaldean kokatzen ziren beraien hirigune nagusiak, Tigris eta Eufrates ibai handien ondoko lur emankorretan altxatzen ziren hiri hauek, Pertsiar golkoa Anatoliar penintsula, gaur egun Siria bezala ezagutzen den lurraldea eta Mediterraniar itsasoarekin lotzen zuten bideen ondoan. Bide horietatik Indiatik ekarritako marfila eta espeziak eta Mediterraneo aldeko zereale eta aleak erruz mugituko ziren.
Hirietan egiten ziren salerosketek berebiziko garrantzia izango zuten, seguruenik, idazkeraren sorreran. Nolabait errejistratu eta gorde egin beharko ziren merkatariek egiten zituzten eragiketak (produktuen trukaketan oinarritzen zirenak). Historiaurrean dagoeneko geroago lehenengo zibilizazioa sortuko zen lurraldean zeuden kulturek asmatu zituzten eragiketa horiek errejistratzeko erak, "Bulla" edo "Zigilu Zilindrikoak", adibidez. Baina benetako iraultza Sumertarrek ekarriko zuten, beraien idazkera "kuneiformearekin". Kuneiforme deituriko idazkera K.a. 3200 urte inguruan azalduriko idazkera piktografikoan oinarrituko zen.
Goiko taulan, ilarak ezkerretik eskuinera irakurrita, Mesopotamiako idazkerak piktogrametatik hasita K.a. 500 urte inguruko Babiloniarrek erabiltzen zuten idazkera kuneiforme sinplifikatura artean izan zen bilakaera isladatzen da.
|
Sumertar zibilizazioa historian zehar noiztik luzatzen den asmatzea ez da erraza: Mesopotamiako haranean historiaurretik hainbat giza-talde edo kultura zeuden ezarrita, besteak beste: Hassuna-Samarra (K.a. 5800-5000), Halaf (K.a. 5500-4500), El Obeid (K.a.5000-3750), Uruk (K.a. 3750-3150) edo Jemdet-Nasr (3150-2900). Arazoa Sumertar zibilizazioa kultura horietatik eratorria izan bazen ala atzerritik etorritako jendearen eskutik sortua izan zen erabakitzeko orduan sortzen da; Sumertar zibilizazioa sortuko zuten jende-taldeak atzerritik etorri izan balira, hauek El Obeid kulturarekin batera kokatuko ziren Mesopotamiako hegoaldean: Zibilizazioa sortuko zuten jende-taldeak aurreragotik bertan egon izan balira, beste milaurteko pare bat gutxienez historian atzeratu beharko genuke herri honen jatorriarekin aurkitzeko. Historialari gehientsuenak bat datoz Kristo aurreko laugarren milaurtekoan Mesopotamiar haranaren hegoaldean gailendu zen jende-taldea Sumertar bezala hartzeko orduan, baina hauek "zibilizazio" bat K.a. 2900 urte ingururarte ez zuten sortuko. Urte horretan hasten dira, gutxi gora-behera, Sumertar kulturako hiri desberdinetan jendea gizarte-era konplexuetan antolatzen, jauregi batean bizi ziren errege edo agintari batzuen menpe antolatutako hirietan. Buruzagiari hiri batzuetan "Ensi" deitu izan zitzaion, beste batzuetan "Lugal" edo "Gizon Handia", "En" hitza erabili izan zen zenbait hiritan erregea izendatzeko, eta "Nin" bera emaztea. Hiri guztiek zeukaten "Zigurat" deituriko tenplu bat, eskailera-itxurako piramide baten forma zeukana, eta bertan "Sanga" bezala ezagutzen ziren apaizak bizi ziren. Tenplu guztiak ez ziren, dena dela, itxura honetakoak, agintari eta funtzionarioen semeek irakurtzen eta zenbatzen ikasten zuten tenplu hauetan.
![]() |
Ur hiriko Zigurat-aren irudia |
Kristo aurreko 2340 urte inguruan, Mesopotamiako iparraldean bizi ziren Akadtarren errege zen Sargon-ek Kish hiri Sumertarra inbaditu zuen, eta gainontzeko hiriak Akadtarren menpe laister geratu ziren (errege batek lorturiko lehen inperiotzat hartzen da Sargonena). Akadtarrak jatorri semitadun herria ziren (Gaurko Arabiako iparraldean jatorria daukaten etnia eta hizkuntza), eta ordurarte Sumertarrekin modu baketsuan bizi izan zirena. K.a. 2150 urte inguruan Lagash hiriko Gudea erregea gailenduko zen aurreko bi mendeetan Akadtarren menpe egon ziren hegoaldeko hirietan. Errege hau Sumertarra zenez, "Sumertar berpizkundea" deitu izan zaio. K.a. 2000 urte inguruan Kanaan-en (Mediterraneoaren ekialdeko itsasertzeko lurraldea, gaur egungo Israel, Zisjordania, Gaza eta Libanoko lurrak hartzen dituena) jatorria zeukaten Amorriten esku gelditu zen Sumer.
Sumertarrei buruz zenbait bitxikeri:
- Hiri desbertinetako erregeek beraien oinordekoei uzten zieten kargua, dinastiak sortuz. Horrela, guregana iritsi den lehenego Sumertar erregearen izena Kish hiriko lehenengo dinastiako Mebaragesi erregearena izan da, Kristo aurreko 2700 urte inguruan bizi izan zena. Baina badirudi honen aurretik 21 errege izan zirela hiri honetan. Uruk hirian ere dinastia bat eman zen, eta bertako bostgarren erregea izan omen zen Gilgamesh, askok pertsonaia mitologikotzat jotzen duena.
- 1941ean Tell Abu Salabikh-en aurkitu ziren dokumentu idatziak orain arte aurkitu izan diren idatzirik zaharrenak dira. Kristo aurreko hirugarren milaurtekoak.
- Tenplua eta erregearen jauregiaren funtzioen arteko desberdintasuna ez dago argi, erregea buruzagi zibila, militarra eta erlijiosoa ere bazen eta.
- Astrologia, matematika eta geometrian oso herri aurreratua ziren.
- Jainko asko zituzten, hauen artean lehenengotzat "An" (zerua) eta "Ki" (lurra) jotzen zituzten.
- Akadiar hizkuntzan idatziriko "Gilgamesh-en epopeia" Uruk hiriko erregean oinarritzen da, baina idatzizko poeman hau erdijainko bat da.
![]() |
Gilgamesh-en harrizko irudia |
![]() |
Benetaz honelakoa izan ote zen Uruk hiria Sumertarren garaian? |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina